Herrikoiak

Herria eta hizkuntza

Herrikoiak
Iragan egun batez, Ostatu batean,
bi lagun ari ziren ez ta bai betean
biak ziren euskaldun zintzoak ustean,
halere ezin adi elgarren artean
entzuten egona naiz umore tristean.

Ez dut osorik hartu baten parabola,
erderaz mintzo baitzen, berak jakin nola:
gure herri maiteaz zuela axola,
hau, bere gain beharra, bertzen men dagola,
"Gora Euskal-Herria", frantsesez ziola.

Bertzea oldartu zen euskara garbian:
"Gure hizkuntza ez da galduko agian!
Hori dugu bereixik guk Euskal Herrian,
Gainerakotan gaude bertzen negurrian
frantsez egina gira joan den aspaldian!"

Bi gizon horietan, zugaitz onekoa
batek ondoa zuen, bertzeak ostoa
gauza arraro hori ez dut gustoka,
mendian bizi arren, dut ikustekoa
gaztainaren aldaxkez janzirik pagoa.

Bat herria goratzen arrotz baten gisa,
arrotz nahiak berriz herriaren hitza
gureak ja egin du, gaiten garbi mintza,
lainopean bezala galduak gabiltza
ez daizke bi nagusi batean zerbitza!

Elgarri direlakotz bi gizon jazarri,
gauza bat bera dute bi pusketan zarri
erakatsi nahi dut nik puskak elgarri,
gure hizkuntza eta gure Euskal Herri
Konparatzen baititut izaite bateri.

Anai-arrebak entzun ene ahotsa:
izaite bat ez daike hezur utsez osa
herria da gorputza, hizkuntza bihotza
bertzetik bereixtean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hilotza.

Batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi
bertzek euskara maite, herria gaitzetsi
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe ez daizkela bizi.

Encontrou algum erro na letra? Por favor envie uma correção clicando aqui!